Iraupen eskia edo ipar eski herrialde nordikoetan orain dela 2.000 urte baino gehiagotik egiten zuten eski primitiboaren oinordekoa da. XIX. mendearen bukaera arte herri batetik bestera joateko, ehizatzeko eta gerra egiteko besterik ez zuten baliatzen. Garai hartatik aurrera hasi zen aisialdi eta lehia zentzua izaten.

Eski modalitate hau lur lauetan edo malda txikikoetan erabiltzen da. Ez du azpiegitura handiren beharrik eta neguko kirol modalitateetan inguruarekiko errespetutsuenetakoa da. Gaur egun eskiatzaileari prestatu eta balizaturiko pistetan barna paseo atseginez gozatzeko aukera ematen dio, baita erresistentzia fisikoko edo abiadurako performanceak, nahi izanez gero, egiteko ere.

Iraupen eskia norberak nahi duena izan daiteke: elurretan familiarekin igarotako eguna, zuhaitz arteko paseo dibertigarria, sasoiari eusteko bidea, beren prestakuntza neurtu nahi duten kirolarientzako erronka, txirrindulariek neguan egiten duten entrenamendua… Adin ororentzako kirola da.

Beste eski modalitateetan sartzeko era eroso eta erlaxatua ere bada.

Iraupen eskiaren modalitateak bi dira: klasikoa eta irristalaria (edo skatinga)..

Klasikokoek pistak zapaltzen dituzten makinek aurretik prestaturiko aztarnak erabiltzen dituzte eta eskien zolek ezkatak edo atxikitzen den argizaria izatea behar dute eskiak atzerantz lerra ez daitezen eta, hola, aurreranzko indarra aiseago hartu ahal izateko.

Irristalarikoek, berriz, zola oso leuna dute ezin hobeki lerratzeko eta aztarnarik gabe prestaturiko pista baten gainean erabiltzen dira indarra patinajean bezalatsu hartuz.